XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baia eta eza komeni zaigun eran erabiltzen ditugu: martiri izateaz harroago agertzen gara beti, aitorle izateaz baino; guretzat hazten dira abereak mendian, eta hirietan poltsikoak ebakitzen.

Ez dago arranorik, ez eta hegaztien arteko beste harraparirik, harrapakina daitekeen harenganuntz guk bezain bizkor jauzi egiten duenik; itxumustuan joaten gara, zerbaitetarako balio duela adierazten digun hari heltzera; eta azkenik, bizimaina ateratzeko trebetasun handia dugu: kartzelan, abeslari; zigor-mahaian, mutu; egunez, langile; gauez, lapur.

Garbikiago esateko, bakoitzak bere ondasunak gordetzerakoan kontuz ibiltzen irakasten diogu jendeari.

Ez gaitu ohorea galtzeko beldurrak larritzen, ez ohoretsuago izan nahiak lo hartu ezinik jartzen ere; ez dugu artekariak mantendu beharrik, ez eske-idazkiak eramateko, handizkiei lagun egiteko eta mesedeak eskatzeko, goizegi jeiki beharrik ere.

Txabola eta arrantxo ibilkor hauek urrezko teilatupetzat eta jauregi handitzat dauzkagu; koadro handitzat eta Flandesko lurraldetzat, berriz, izadiak nonahi begien aurrean ipintzen dizkigun haitz-erpin garaiak eta mendi gailur elurrez jantziak, belardi zelaiak eta oihan mardulak.

Sasi-astrologoak gara; ia beti zeru-sapaiaren babesean lotaratzen garelarik, (...).